Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen gailur bat dago, urak Kantauri itsasorantz eta Mediterraneorantz banatzen dituena. Lerro zoragarri eta zabal horrek, uren banalerroak, Urmuga du izena.
Gure imajinario kolektiboan, mugek banatu, bereizi, urrundu egiten dute, baina Urmuga ekimenak irudi hori ezabatu eta berri bat sortu nahi du. Oso tresna sinpleak eta zaharrak ditugu: musika eta mendiarekiko maitasuna. Urmugak mendebaldetik ekialdera josten du Euskal Herria, iparraldetik hegoaldera.
Goitik behera, ibaiz ibai, zuhaitzez zuhaitz, joskera luzea osatzen du Urmugak, bai gure geografian, bai herri gisa dugun izaeran.