SARRERAK SALGAI ETA MENDI IBILBIDEAK ZEHAZTUTA DIRA URMUGAREN URTANTA 2026 EGITASMORAKO
Mugak igarotzean bizitza galtzen duten pertsona migratzaileen oroimenezko ekimen artistiko eta mendizalerako sarrerak www.urmuga.eus atarian eskura daitezke dagoeneko.
Urduñan, 2026ko ekainaren 29an.
Gaur, ekainak 29, goizeko 10:30ean, Urmugaren Urtanta 2026 egitasmoaren inguruko prentsaurrekoa egin dute Urduñako Plazan. Bertan izan dira Urmugako ordezkariak, parte hartuko duten musikariak eta erakunde babesleetako ordezkariak, tartean, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, eta Amurrio, Artomaña zein Urduñako Udaletako arduradunak.
Agerraldi honen helburu nagusia zera izan da: Urmugaren Urtanta 2026ko kontzertuetarako sarrerak jada salgai daudela iragartzea proiektuaren webgune ofizialean: www.urmuga.eus. Horrez gain, antolakuntzak baieztatu du aurtengo edizioko mendi ibilbide guztiak behin betiko itxi eta zehaztu direla, eta horien informazio osoa zein izen-emateak aipatutako webgunean bertan kontsultatu daitezkeela.
Zazpigarren edizioa duen Urmuga ekimena berezia da aurten, Kanariar Irlak eta Euskal Herria batuko baititu, muga administratiboek eta fisikoek pertsona migratzaileentzat suposatzen duten oztopo gaindiezina ikusarazteko eta itsasoan nahiz muga horietan bizitza galtzen duten migranteen memoria aldarrikatzeko.
