Urmuga elkarteak jakinarazi duenez, salgai jarri dituzte jada uztailaren 12tik 30era egingo den Urmuga jaialdiko sarrerak. Euskal Herria Mendebaldetik Ekialdera zeharkatzen duen mendi ibilaldi musikatuan 19 mendiko etapa ibiliko dira eta 20 musika emanaldi eskainiko dira. Horietatik 6 izango dira sarrerarekin. Helduentzat 20 € eta 16 urtetik beherakoentzat 5 €tan eskuratu ahal izango dira. Esteka honetan eros litezke: https://urmuga.eus/product-category/kontzertuak Sarrerak, gainera, kontzertuetan bertan egun berean ere erosi ahal izango dira, nahiz hainbat salmenta puntutan ere. Antolatzaileek, dena den, internet bidez aldez aurretik erostea gomendatu diete urmugazale guztiei. Kontzertu handi horien ondoren, Eusko Label produktuek eskainitako jan eta edanak dastatzeko aukera egongo dela gogorarazi dute.
Kontzertu horietarako sarrerekin batera, mendi ibilaldirako izen emateak ere ireki dira. Erreserbak internet bidez egiteko esteka hau da: https://urmuga.eus/product-category/etapak Egitarauaren eta etapa guztien gaineko informazio osoa www.urmuga.eus web orrialdean aurki daiteke.
Musika emanaldien egitarau osoa itxita: 20 emanaldi eta antolakuntza erraldoia
Guztira, 20 musika emanaldi daude programatuta uztailaren 12tik 30era. Horiei, bidean modu inprobisatuan sor litezkeenak gehituko zaizkie. Era guztietakoak izango dira: intimoagoak, berritzaileagoak, herrikoiagoak eta erraldoiak ere bai. Euskal Herriko artista ezagunak, goi mailakoak, eskarmentudunak nahiz gazteak eta estilo ugaritakoak. Et Incarnatus Orkestrak egokitutako partiturekin, guztira kanta ezagunen 100 adaptazio berri baino gehiago taularatuko dira. Eskaintza berezia da, oso berezia: ohar honen amaieran duzue egitarau osoa.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, musika mendian jo, bizi eta entzuteak sortzen duen herri giroa eta giro artistikoa parekorik gabeko esperientzia dira. Gainera, Urmugak aukera ematen du Euskal Herriko lurralde guztietako bailarak, herriak, mendiak eta parajeak ezagutzeko. Urmugak azpimarratu du ekimenaren herri izaera: antolakuntzan talde, elkarte, norbanako, erakunde, artista, mendizale eta musikazale ugarik hartu dute parte, bolondresek, herri egileek eta ekintzaile askok eta askok, euskal geografia eta errealitate guztietakoak. Urmuga herri proiektu artistiko kolektiboa da, natura, herria eta musika batzen dituena. Euskal Herria josiko du, beste behin, Urmugak, Mendebaldetik Ekialdera, garena eta izaten ari garena izan nahi dugunarekin eta izango garenarekin lotuz.
Aurtengo edizioaren kartela, Udane Ansa artista oiartzuarrerna
Udane Ansa (Errenteria, 1982) ilustratzaile oiartzuarrak egin du aurtengo Urmugaren edizioko kartel ofiziala. Berak azaldu du bere lanaren zentzua: “Aniztasuna, Ametsak, Musika, Koloreak, Mendia, Zoriontasuna, Alaitasuna, Mugimendua… Musika eta mendia elkartzeak berak niri sortzen dizkidan sentimenduak dira, kolore biziekin transmititzen saiatu naizena. Trazo askeekin norabide guztietan… Mugimendua adieraziz. Ibilaldia da, bizirik dagoen jaialdia, mugitzen dena eta jendea mugitzen duena.”
Ohar honi atxikia duzue kartel ofiziala.
Babesletza eta elkarlana Berria eta Laboral Kutxarekin
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Urmuga Jaialdiaren laguntzaile guztiei. Asko izan baitira. Azpimarratu dituzte ere Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak, Udal eta bestelako hainbat erakunderekin batera. Horiek guztiak kartel ofizialetan ageri dira.
Aldi berean, Berria eta Laboral Kutxarekin Urmugak duen elkarlana azpimarratu nahi izan dute. Berriaren kasuan, laurgarren aldia da elkarlan hori gauzatzen dena. “Bi proiektu nazional, gizarte zibiletik eta herritik sortuak, gure herria ardatz dutenak eta irabazi asmorik gabekoak. Bi proiektu eta eredu bera. Oso emankorra izaten ari da Urmuga eta Berriaren arteko aliantza, eta eskerrak eman nahi dizkiogu Berriari”.
Laboral Kutxa aurten sartu da Urmugaren babesle gisa. “Balore kooperatibo eta kolektiboak partekatzen ditugu. Herriari ekarpen sozial bat egiteko konpromisoa, eta kulturaren bidez garena bizitzen eta eraikitzen jarraitzeko elkarlanerako bide bat.”